XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. Gutuna AINHOA.

Orain duela denbora asko, goiz batez hiru mutil ezezagun iritsi ginen zuen etxera eta zure gurasoek gau bakar batetarako, astetarako edo urte beterako geratuko ginen galdetu gabe eman ziguten ostatua.

Eta han zeunden zu, haur tipi zoruan eseri bat, oinez ez zenekiela.

Eta guk besoetan hartu zintugun.

Zure izena, Ainhoa, ene ezpainetan osatzen delarik, gogora etortzen zait egun hura, eta hurrengoko egun luzeak.

Poliziek beren sirenekin zeharkatzen zuten ziudadea, egunik eta gau, alderik alde, beren sirena urdin, bildurgarriekin.

Zure gurasoek eta guk lantzean behin gortinen ertzetik kaleruntz soegiten genuen eta, poliziek gu zein etxetan gorderik geunden asmatuez gero zer gertatuko zen pentsatuaz, urduri geratzen ginen zeuri begira.

Han zeunden zu, solairuan eseria, munduaz ezjakina, egun horretako kazeta zeure hatzamar tipiez zimurtu eta hausten.

Edo gure gordelekuaren, gure menturaren misterioa konprenituaz bezala, lauzangotan hurreratu eta zutik jartzen zinen, dandai, pausurik eman ezinik, lehenengo zangoa aurreratzean erortzeko.